XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Banaketa-koadro nagusiak etengailu nagusi bat du indarra kendu nahi denerako eta etengailu diferentziala deritzan aparatu bat pertsonak babesteko eta korronte-ihes bat dagoenean (gorputzean zehar adibidez) indarra kentzeko.

Etxebizitzan bertan ala edifizio osoko beste guztiekin batera kontadorea duzu kontsumoak neurtzeko.

Korrontea 220 Voltatan helduko zaizu (inoiz 125 voltatan) eta zure kontadoreak jarriko du zenbat amperetako intentsitatea onartzen duen gehienez (adibidez 20A).

Instalazioaren potentzia ezagutzeko, biderka itzazu voltak ampereekin (adibidez 220 x 20 = 4.400 W) eta horrela jakingo duzu zenbat watt konekta dezakezun aldiberean.

Batu itzazu aparatuen potentziak eta jakingo duzu zure instalazioa aparatu gehiago konektatzeko gai den ala indartu beharrean zauden.

(Aparatu guztiak ez dituzu aldiberean martxan jarriko, beraz instalatutako potentzia osoa izan daiteke kontadoreak onartzen duena baino handiagoa).

Diferentziala pertsonak babesteko da.

Etxe-tresna batek (edo haur batek entxufe bat ukitzean) korronte-ihes bat sortzen badu, diferentzialak korrontea eteten du oker handiagorik gerta ez dadin.

Etxe-tresna zaharrek honelako matxura ugari izaten dituzte eta aspertu ere egin zintezke hainbeste aldiz indarra kentzen dizula ikustean, baina kontuz: ez ezazula ken inolaz ere tresna hori, ze, debekatuta egoteaz gainera izugarri arriskutsua ere gerta dakizuke.

Etxea denbora baterako utzi behar duzun bakoitzean, etxe guztiko indarra kentzea komeni zaizu.